2013-10-23

Ezer ez



Janne Teller

Alberdania, 2012


Eskolako lehen egunean hauxe esaten die Pierre Anthonek ikaskideei: “Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea”. Eskola utzi eta aranondo batean gora igota oihuka hasten da ikasi duena aldarrikatzen. Hala ere, bere lagunek erakutsi nahi diote bizitzan badirela gauza garrantzitsuak, eta beraientzat garrantzi handia duten gauzak pilatzen hasten dira  zerrategi abandonatu batean.

2000. urtean Danimarkan Ezer ez argitaratu zenean, eztabaida ugari sortu zen hango gizartean, planteatzen dituen galdera moralak direla eta. Zer da garrantzitsua? Ezer ez bada, zertarako ikasi, zertarako egin ezer? Zerk egiten du garrantzitsua izatea?


Debekatua izan zen hasieran. Hala ere, gaur egun nahitaezko irakurketa da hango eskoletan. Norvegian, Frantzian eta Alemanian ere antzeko bidea egin du.

Maitagarrien belarrak

Sebastian Perez

Ibaizabal, 2011


Liburu dotore hau errusiar botanikari ospetsu baten egunkari sekretua da: Aleksandr Bogdanovitchena. Aleksandr Broceliandeko oihanera abiatuko da Rasputinen aginduz  hilezkortasunaren elixirra egiteko landare bila. Baina baso ospetsu horretan landareak baino izaki bereziagoak aurkituko ditu eta Aleksandren bizimodua eta sinesteak aldatuz joango dira.
Aleksandren ikerlan baliotsua, argazkiz, marrazkiz, gutunez, egunkariko artikuluz eta testigantzez ilustratua dago.

Album honen edertasuna paregabea da. Irakurri eta begiak gozatu.

Aire Beltza

Agustin Fernandez Paz

ELKAR, 2004



Psikiatriko batean dago Laura Novo, shock egoeran: inguruari ez dio kasurik egiten eta dena ahazturik du. Psikiatra gazte batek haren arimaren baitan sartzea lortuko du, horretarako idazteko aginduko dio. Baina ez batak ez besteak sumatzen dute errealitate ezezagun eta izugarri bati zabaldu diotela atea. Liburuak aurrera egin ahala beldurraren airea handituz joango da.